IKASTOLA 219 > ikastolak > Haziak egitasmoan murgilduta

Haurtzaro Ikastola, Oiartzun

Haziak egitasmoan murgilduta

Hezkuntza formala, ez formala eta herritarren arteko loturak eraikitzen dira

Haziak, disziplina eta entitate anitzeko egitasmoa da, gizarteko partaideen arteko elkarbizitzan harreman desorekatuak eta botere harremanak iraultzea du helburu. Elkar bizitza osasuntsua elikatzeko asmoz, barne eraikuntzan zein kontzientzia kolektiboan oinarritutako metodologia bat garatu da. Bertan, hezkuntza formala, hezkuntza ez formala eta herritarren arteko zubiak eraikitzen dira.

Haurrak ezinbesteko hartzailetzat dituen egitasmo honetan, metodologia eta material zehatza landu dute hainbat eragilek elkarlanean.Laborategi erraldoian tokian tokiko sustraiak ezarriz borobiltzen, osatzen, handitzen, indartzen joango den egitasmo bizia da Haziak; euskalduna, partehartzailea, parekidea, haurren ahotsa kontuan hartzen duena, ekarpenei irekia, errespetuan oinarritua…

Lehen esperimentazio esparrua Oiartzun herrian kokatzen da. Aurrera begira Euskal Herriko nahi adina herri eta eskoletan antzerako lanketak egiteko oinarriak ezarri nahi ditu, beti ere ekarpenei irekia egonik.

Zer lortu nahi da?

  • Barne eraikuntza pertsonal eta naturalen lanketak.
  • Kideen arteko elkar bizitza osasuntsua.
  • Egoera desorekatuen antzemateak eta horien iraultzeak.
  • Harremanen saretze etengabea.
  • Giza ahalmena garatuz, etorkizuneko egoerei konfiantzaz, sormenez, espiritu kritikoz eta gozamenez aurre egiteko herritar aktiboak sortzea.

Zein dira hartzaileak?

Haziak egitasmoak, 2015-2016 ikasturtean Oiartzungo herrian izango du epizentroa. Hartzaileak zein ekintzaileak haurrak, gurasoak, irakasleak, sortzaileak, norbanakoak eta herriko eragileak… izango dira. Aurrera eramango den metodologia, Haurtzaro ikastolaren, Abaraxka ludotekaren zein herriko hainbat eragileen parte hartze dinamiken bitartez gauzatuko da, heziketa formala eta ez formala uztartuz.

Nortzuk dira egitasmo honetako partaideak?

Egitasmo bizia da eta ondorioz eragile desberdinak gehitzen joan daitezke beharren arabera. Hauxe oraingoz osatua dagoen sarea:
Haziak egitasmoaren baitan Oiartzungo Haurtzaro ikastolan burutzen ari den esperientzia guztia herrira, gizartera, kalera ateratzea dugu helburu, modu desberdinetan. Helburu horren lanketa LH2ko ikasleek egindako ipuin batekin hasi dugu. Ipuin hau LH2ko haurrekin egindako "Esan ipuinarekin" askebidean sortu zuen ikasle batek. Ondoren, herriko ludotekatik deialdi berezi bat egin zen ipuin honi ahotsa eta irudiak jartzeko. Erantzuna bikaina izan zen. Ludotekara herriko hainbat haur hurbildu ziren eta guztien artean pertsonaiak eta lekuak definitu zituzten, ipuina atontzeko marrazkiak egin zituzten...Bildutako materialarekin aurki sareratuko dugu bideo bat.

Horrelako ekimenak oso garrantzitsutzat jotzen ditugu, horien bidez lau hormen artean egindako lanketak bizi berria hartzen baitu eta guztion eskura jartzeko aukera ematen baitigu, elkarrena ezagutuz eta partekatuz.

 

ikastola 219
2016 Ekaina
219