IKASTOLA 219 > ikastolak > Baztango OINEZ BASO berria jada landatuta bederatzi hektareatan

Baztan Ikastola, Elizondo

Baztango OINEZ BASO berria jada landatuta bederatzi hektareatan

Loroaz (Prunus Lusitanica) eta Pago-lizarraz (Carpinus betulus) osatuta

Inauguratu da Baztan Ikastolak euskara bultzatu eta ingurumena zaintzeko asmoz Ginekola herri-lurrean landatu duen Oinez Basoa. Bi landare mota babestu aukeratu dira basoberritzeko: erramu portugaldarra edo loroa (Prunus lusitanica) eta karpea edo pago-lizarra (Carpinus betulus). Bi zuhaitz horiek ez dira ausaz hautatu: bi zuhaitzok jendeak ia ez ditu ezagutu ere egiten, baina Baztan bailaran daukaten altxor handia dira. Hartara, ardura hartu dute baztandarrek altxor hori zaindu eta espezie horiek bizkortzeko.

Apirilaren 3an inauguratu zuen Baztan Ikastolak euskara bultzatu eta ingurumena zaintzeko asmoz Baztango Ginekola herri-lurrean landatu duen Oinez Basoa.


Iazko Nafarroa Oinezko ikastola antolatzaileak bi landare mota babestu aukeratu ditu bederatzi hektareako azalera basoberritzeko: erramu portugaldarra edo loroa (Prunus lusitanica) eta karpea edo pago-lizarra (Carpinus betulus). Loroa Nafarroan harrapatzen ahal den toki bakarra Baztanen dago, Urritzate eskualdean. Eta Iberiar Penintsulan gutxitutako landarea da. Eta xarma edo pago-lizarra, Iberiar Penintsula osoan kopuru esanguratsu batean Bortzirietan soilik aurki daiteke, Arantzako mugan eta Igantziko herri lurretan dagoen San Juan Xar baselizaren inguruan eta Bidasoa ibairako pendizetan. Orain dela 150.000 urte baino gehiago, Behe Paleolitoan, ugaria genuen Euskal Herriko basoetan. Eta arras estimatua. Bere egurra zen preziatua, sutarako bezala egurretarako. Egun Europan bada, baina Pirinioetatik beheiti hor bakarrik gelditu da. Horregatik da, gainera, San Juan Xar erreserba naturala.

Bi zuhaitz horiek ez ditu ausaz hautatu Baztan Ikastolak: “Txikiak handi” da Nafarroa Oinezen filosofia, euskara ere munduan hizkuntza txikia delako, baina euskaldunok handi egin nahi duguna. Zuhaitzekin gauza bera, bi zuhaitzok jendeak ia ez ditu ezagutu ere egiten, eta Baztan bailaran daukaten altxor bat dira. Ardura hartu dute baztandarrek altxor hori zaindu eta espezie horiek bizkortzeko.

Baztan Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortu duen bosgarren basoa da, 2008an Oinez Basoa ekimena abian paratu zenetik. Erabaki hori hartu zenetik gaur egun artio, lau baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak Nafarroako Ikastolen Elkarteak lagunduta: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran eta baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan.

Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi-efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.

 

ikastola 219
2016 Ekaina
219