IKASTOLA 217 > ikastolak > Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ikastolaren aukera eskura

Zubimusu Ikastola, Villabona eta Erniobea bailara

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ikastolaren aukera eskura

Villabonako ikastolak 50 urte

Santio Ikastola izenarekin sortu zen Zizurkilen, Zubimusu izeneko etxean.

Villabonako ikastola 50 urte betetzen ari da ikasturte honetan. Santio Ikastola izenarekin sortu zen Zizurkilen, Zubimusu izeneko etxean. 635 ikasle ditu une honetan, hiru eraikin ezberdinetan banatuta.

Urteurrena ospatzeko zerrenda luze bat antolatu dute, eta hasteko kanta eta bideoklipa egiteko ilusioarekin, Xabi Zubeldia irakasleari galdetu zioten ea animatuko litzatekeen horretara. Kanta ederra egin du, Amaia Agirre bertsolariaren hitzekin. Villabona eta Zizurkilgo kultur talde eta talde eragile ezberdinak gonbidatu dituzte parte hartzera. Abenduaren 18an egin zuten ekitaldia, Villabonako polikiroldegian. Ikastolaren historia hiru etapatan laburtuta errepasatu zuten. Ondoren bideo-klipa eta kanta aurkeztu, ikasleen koreografiarekin lagunduta. Bete egin zen aretoa, pozik dira txupinazoarekin!!

Erniobea bailara bost herrik osatzen dute: Asteasu, Alkiza, Larraun, Zizurkil eta Villabona, baina ikastola bakarra, Zubimusu, Villabona eta Zizurkilen dago hiru eraikinetan ikasleak banatuta. Aipatutako lehen hiru herrietan herri-eskolak daude HH eta LH osoarekin, eta bertako ikasleak, ia-ia automatikoki, Villabonako institutura jaisten dira DBH ikastera. Eta harritzekoa bada ere, ondoren, Batxillergoa ikastera Laskorain Ikastolara joaten dira askok.

Hori horrela, Zubimusu Ikastolak erabaki du ikastolako DBH gelak herri horietara eskaintzera eta horretarako aurkezpen bilerak antolatu ditu Udalekin, Guraso Elkarteekin eta familiekin Ikastola zer den, Ikastola eredua zer argitzeko. Informazio ugari eman dute. Eta, bide batez, gureak ditugun EKI eta SLIC aurkeztu dituzte, galderei erantzunez. Oso harrera baikorra izan dutela esan digu Nerea Zumeaga zuzendariak.  Helburua izan da guraso horiek jakin dezatela bailaran badagoela ikastola eredua, eta beraiek ere aukera dutela seme-alabak inskribatzeko. Garraio zerbitzua ere eskaintzen duela ikastolak. Zubimusuk ongi etorri egiten die ikastera etorri nahi duten ikasle guziei, familia guziei.

ikastola 217
2016 Otsaila
217