IKASTOLA 216 > ikastolak > Salbatore Mitxelena Ikastola - Zarautz
Salbatore Mitxelena Ikastola - Zarautz
Salbatore Mitxelena Ikastola - Zarautz
Salbatore Mitxelena Ikastola - Zarautz

"Arraun eta Amets" lelopean

Salbatore Mitxelena Ikastola - Zarautz

Bost hamarkadatarako hamaika ospakizun eta egitasmo

Salbatore Mitxelena sortzaile eta idazlearen poema batetik hartutako leloak biribiltzen ditu 50. urteurrenak. Egindakoa azaldu, ospatu eta erronkaz betetako etorkizunari sorrerakoen izpirituarekin heltzen jarraituko dutela adierazi baitute. 

 

Ekitaldi ugari antolatu dira urteurrenaren harira, hala nola, bertso afariak, ikasle ohien afariak orduko diskoteka giroan, kontzertuak, kirol jaiak, erakusketak, hitzaldiak, ipuina,  liburua, abestia eta ekitaldi nagusia … Joan-etorrikoa baita ikastolaren historia: duela 50 urte ume zena guraso da gaur, batzordekide ala andereño/maixu; gurasoak, bueltan-bueltan biloben bila datozen aitona-amonak. Makina bat ziaboga hartzen jarraitzeko prest!

Pako Serrasek biribildu ditu 50.urteurrenak Salbatore Mitxelena sortzaile eta idazlearen poema batetik hartutako leloan: “Arraun eta Amets”. Egindakoa azaldu, ospatu eta erronkaz betetako etorkizunari sorrerakoen izpirituarekin heltzen jarraituko dutela adierazi baitute. Euskarazko kalitatezko hezkuntza helburu, sortzaileek ezarritako filosofiari lekukoa hartuta, ausardiaz eta kemenaz bide berriak zabaltzen. Markel Aretxaederra ikasleak esan du “Ikastolak kate luze bateko kate-begi garenaren kontzientzia eman digu”.

Hamar helburu elkartu dituzte 50.urteurranaren harira:
Lehena, Ikastolaren sortzaileak (herritar, guraso, irakasle) omentzea eta gertaera  ospatzea.
Bigarrena, Ikastolaren sorrerak, Zarauzko Herrian, Euskarari eta Euskal Kulturari dagokionean  izan zuen eta egun duen garrantziaz jabetzea.  
Hirugarrena, Ikastolak genero ikuspegitik hezkuntzari eta gizarteari egindako ekarpena balioestea.
Laugarrena, Ikastolak aniztasunaren kontzeptuari (pertsonen aniztasuna, hizkuntza aniztasuna…) egindako ekarpena balioestea. (Hezkuntza inklusiboa)
Boskarrena, Pedagogia berrikuntza eta euskarazko ikasmaterialen ekoizpena balioestea.
Seigarrena, Herri ekimenaren eta partaidetzaren balioaren inguruan hausnartzea.
Zazpigarrena, Belaunaldi berriekiko transmisioa bermatzea, gure herriaren memoria ziurtatzea.
Zortzigarrena, Ikastolari  izena eman zion Salbatore Mitxelena olerkaria ezagutzera ematea.
Bederatzigarrena, Gaur egungo Euskal Hezkuntzaren egoeraz hausnartzea. Euskara ardatz duen Euskal Curriculumaren gauzatze bidean aurrera egitea.
Hamargarrena, Euskararen eta Euskal Hezkuntzaren etorkizunaz hausnartzea.

Esangurutsua da Iñake Uranga lehen promozioko ikasle ohiak esandakoa:
“Galtza luzeekin joaten ginen ikastolara, eta mutilekin batera izaten ginen ikasgelan, elkarrekin. Euskaraz jarduten genuen gainera! Gaur egun gure seme-alabek hala egiten dute, konplexurik gabe, baina 1960. urteko hamarkada hartan iraultzailea zen halakoak egitea. Neskek ezin zuten galtza luzerik jantzi eskolara joateko, gonadun uniformeekin joaten ziren orduan zeuden ikastetxeetara. Eta eskola orduetan euskaraz hitz egiten zuenak, zigorra zuen ordainetan, irakaslearen arabera, gogorragoa edo arinagoa. Bi anekdota baino ez dira. Baina egoera hartan jarri behar da jabetzeko benetan ikastolako sortzaileek eta gure gurasoek izan zuten ausardia, gure ikasketak legezko baliorik edo aitorpenik izango zuten jakin ere egin gabe, gu ikastolara bidaltzeko. Ausardia hari esker hasi zen euskarazko eta kalitatezko hezkuntza urratsak ematen. Zarautzen orduan zeuden ikastetxe guztietan gaztelaniaz erakusten zen. Zer ote litzateke Zarautz ikastolarik gabe?

Dena egiteko zegoen, baina kemenez beterik egiten joan ziren. Irakasleek guretzako propio ikasmateriala sortu, eta ordura arteko hezkuntza moldeak baztertuz, badakizue, 'la letra con la sangre entra' haiek baztertuz, kantuari eta irudimenari bideak irekiz, ikasten joan ginen, ikuspegi kritiko batekin hazten lagundu ziguten. Esker ona emateko hitzik ez da.”

Salba Bergara lehendakariak eta Maite Saenz zuzendariak esan digutenez “Ikastola herritik sortu zen, eta herriarentzat. Horregatik nahi izan dugu gure ospakizuna herriarekin, zarauztarrekin partekatu, eta hori horrela ekitaldi ugari antolatu dugu urteurrenaren harira. Bertso afariak, ikasle ohien afariak orduko diskoteka giroan, kontzertuak, kirol jaiak, erakusketak, hitzaldiak, ipuina, liburua, abestia eta ekitaldi nagusia non mila eta laurehun lagun bildu ginen. Ikastolaren izenean herri osoa gonbidatu dugu gurekin batera ospatzera, herrira zabalduz gure proiektuaren garrantzia, gure identitatea eta gaurkotasuna”. 

ikastola 216
2015 abendua
216