IKASTOLA 212 > ikastolak > ESKOLAZ KANPOKO ESKAINTZA HAUSNARTUA ETA OSO ZABALA

Orereta Ikastola, Errenteria

ESKOLAZ KANPOKO ESKAINTZA HAUSNARTUA ETA OSO ZABALA

Betidanik eman dira eskolaz kanpoko ekintzak ikastolan, baina azken urteotan horien inguruan hausnartu eta irizpideak markatu ziren. Batetik zer eskaini: klasean lantzeko zailagoak diren interes edo konpetentziak; bestetik, adin guztietara zabaldu gurasoen proposamenak eta balorazioak kontutan hartuta. Hirugarrenik, herriko kultur eskaintza zabalean oztoporik ez sortu, baizik eta lagundu. Antolaketa konplexua da, eskaintza oso handia, emaitza bikaina. Zuzendaritzatik zaintzen da eskema, etapaka koordinaketa.
HH bigarren zikloan hasten dira, hiruhileko bide ezberdinak probatzen. LH-n aukera zabaltzen zaie eta DBH-n, adibidez, kirola eta ingelesaz gain, Robotika eta bideo-jokoen programazioa ere bada. Ia 600 ikasle gelditzen dira jangelan bazkaltzen.

 

Orereta Ikastolako Zuzendaritzatik gidatzen da eskema orokorra, guraso eta ikasleen gogoak, proposamenak eta balorazioak kontuan hartuta. Etapako zuzendariak koordinatzen ditu taldeak, etengabeko jarraipenak eginez. Egoitz Verdugo zuzendari pedagogikoak koordinatzen du Eskolaz kanpoko eskaintza osoa. Berarekin mintzatu gara hori buruz gehiago jakiteko asmoz. Historikoki Orereta Ikastolak orduz kanpoko aukerabide zabala izan du hainbat arrazoiagatik, bat bederen, ikasle ugari gelditzen direlako ikastolan bazkaltzen. Bertsolaritza, euskal dantzak, musika eta ingelesa izan dira urte askotako hautuak. Baina horien inguruan hausnarketa egin behar zela ikusita, irizpideak berriro ere zehaztea erabaki zuten, eta hauek dira ondorioak.

Lehen irizpidea izan zen abagunea areagotzea gurasoen eta ikasleen proposamenak eta balorazioak kontutan hartuta, hau da, minimoetara iritsita guztiei bide ematea. Ez zuten bakarrik eskaini nahi ikastolako curriculumean diren gaiak, adibidez, ingelesa. Ludikotasun arloan ere sartu nahi izan dute, ongi pasatzeko helburuarekin, klasean bideratzen zailagoak diren interes edo konpetentzia lantzeko aukera emanez.

Bigarren irizpidea izan zen, eskolaz kanpoko ekintzak etapa guztietara irekitzea. Lehen LHra mugatzen ziren, baina nahi izan dute ikasle guztientzat ateak zabaltzea, koherentzia batekin, adibidez, HHn hasi eta bide batean jarraitzeko, hala plastikan, dantzan, matematikan edo xakean, adibidea jartzekotan. HHko bigarren zikloan hasten dira (4 eta 5 urteko ikasleekin). Eskaintza bakarra dago, baina hiruhileko bakoitzean aldatzen da, probatzeko aukera izan dezaten. Lehen hiruhilekoan, ipuinarekin erlazionatuta; bigarrena, dantzarekin; hirugarrena, artearekin. Aukera horiekin ikasleak zein familiak oinarri bat dute non ikus dezaketen zer duen gustukoen, gustatzen zaion ala ez. Aurten, adibidez, “gimnasia dibertigarria” jarri dute dantza, mugimendua eta musika lantzeko. LHn ikasleei aukera-sorta zabaltzen zaie: sormen tailerrak, zirko tailerrak, Aloha mental arithmetic-ekoa, adibidez, arreta, kontzentrazioa, sormena, oroimen fotografikoa, kalkulu mentala etab areagotzeko. Antzerkia LH osoari eskaintzen zaio; baita ipuin tailerrak, hip-hop ere, besteak beste. DBHn ingeles ludikoaz gain, Robotika tailerra edo bideo-jokoen programazioa dago, kirola hain gustukoa ez dutenentzat.

Hirugarren irizpidea da herriko abagune zabalari oztoporik ez jartzea. Errenterian kultur ibilbide handia dago, tradizio handikoak dira musika-eskola, abesbatzak, euskal dantza taldeak eta bertso-eskola. Talde horiekin guztiekin osagarri izan daitezken hautuak ditugu, baina ez konpetentziarik sor dezaketenak. Horretan ez dugu sartu nahi izan. Lagun bai, oztoporik ez. Horregatik Orereta Ikastolak ez du euskal dantza talderik, herrian ospe handikoak baitaude, eta horietan gure ikasleak ere baitabiltza.

Antolaketa konplexu dela esan digu Egoitzek, hala behar du ia 600 ikasle gelditzen baitira jangelan bazkaltzen, eta hori kopuru oso handia baita. Aipaturiko hausnarketaren ondoren eskolaz kanpoko eskaintza handitzen joan dira, urtero gurasoen eskaerei eta hobekuntza atalei erantzuten. Zerbitzuetako eskaintzarekin lotu behar dira gainera, jangelako txandekin, ordutegiekin. Ekintzaren arabera ikasleak astean ordu betez, bi edo hiruz aritzen dira. Kanpoko enpresekin egiten dira gehienak, jarraipen zuzen-zuzenarekin eta hori “Konplexua da, buruhausteak sortzen dizkigu guztia ongi lotzeak, baina oso pozik gaude ematen dugun eskaintzarekin eta jasotzen dugun balorazioarekin. Merezi du!” esan digu bukatzeko Egoitz Verdugok.

ikastola 212
2015 Otsaila
212