IKASTOLA 210 > ikastolak > SORGINAK IKUSTERA JOAN DIRA

Piarres Larzabal Kolegioa, Ziburu

SORGINAK IKUSTERA JOAN DIRA

Euskaraz mintzatzeko helburuarekin.

Ziburuko Piarres Larzabal ikastolako seigarrenak Zugarramurdira joan dira sorginengana. Miarritzetik, Hendaiatik, Senperetik, Saratik, Azkainetik, Urruñatik, Donibanetik eta Ziburutik etortzen diren ikasleak dira. Egonaldi honen helburua zera da, hots, urtea hasi bezain laster ikasleen arteko harremanak sendotzea eta harremanak euskaraz lantzea. Horrela, hiru egunez, ekintza eta elkartze anitz bizi izan dituzte mitologiarekin lotuak, sorginen mundura murgilduta, eta Nestor Basterretxeari eskainiak. Bilan ezin hobea egin dute beste ikasleen aurrean, egonaldiaren aurkezpena baliatuz bertso, dantza eta kantuak lantzeko. Kultura, artea eta historia sakondu dituzte, eta naturaz gozatu ere egin dute, sorginekin batera.

Hona hemen ekintzak zerrendatuta:
 - Lehena kolegioan izan genuen Joseba Aurkenerenaren mintzaldiarekin. Mitologiako ikurrak, gertakarik eta pertsonaiak zehazki ezagutzeko eta ulertzeko parada izan dute.
 - Ostegunean, Senperen iragan da, Uda honetan zendu den Nestor Basterretxearen ”Oroit mina“ eskultura ezagutzeko, Auxtin Zamora eta Michel Mendibouren azalpen sutsuak entzun ditugu. Hauek ikasleen galderak entzun dituzte eta ederki erantzun ere.
- Berantago ikasleek Zugarramurdiko karrikak ezagutu ondoren, Graxian aterpean instalatu eta, haien arteko piknika batean elkar ezagutzeko parada izan dute.
- Ondotik, Sorginen erakustokian, inkisizioaren garaian gertatutakoa deskubritzen segitu dute eta Akelarreen giroan murgiltzeko Zugarramurdiko harpeetan ibili gara infernuko errekaren bazterretik pasatuz.
- Gauean, Ixabel Milletek, ipuin kondalaria, mitologiari lotutako ipuinak kondatuz adi-adi atxiki ditu ikasleak.
- Biharamunean, Bertitzeko parkearen bisitak ekintza osagarri paregabeak izan dira. Bisita gidatuak izan dira, aberasgarriak, ederki eramanak. Alde batetik, erakusten dutena ikasleentzat oso egokia delako, eta bestaldetik euskalki desberdinen entzuteko parada izan baita. Lorategi botanikoan joko pista baten bidez, munduko arbolak ezagutu dituzte.
- Eta bukatzeko, gure egonaldia markatzeko, ikasleek kolegioan ikusgarri bikaina eskaini dute, bertso, dantza, kantu askoz hornitua, egonaldiako bilana edota oroitzapen on baten azaltzeko.

 Alde batetik, ikasleek eta irakasleek oroitzapen goxo bat atxikiko dute egonaldiaz, urte osoan biziki probetxugarria izanen dena. Eta bestetik, irakasleentzat baliagarri izanen da lehen hiruilean lantzen duten mitologia beste molde batez ikasleek berenganatzeko.

ikastola 210
2014 Urria
210