IKASTOLA 208 > ikastolak > KOMIKIAK EZ EZIK, KOMIKILARIAK ERE BAI IKASTOLAN

Piarres Larzabal Kolegioa, Ziburu

KOMIKIAK EZ EZIK, KOMIKILARIAK ERE BAI IKASTOLAN

Komikiaren egitasmoa burutu dute Kolegioan.

Komikiaren egitasmoa burutu dute Kolegioan. Bi helburu zehaztu zituzten: komikien altxorra biziaraztea eta ikaskuntza arlo guztietara zabaltzea. Ikasleek tailerretan landu dute gaia, eta euren komiki propioak sortu dituzte Matematikarako, Historiarako, Gaztelaniarako, Frantseserako eta Euskararako. Lau komiki egileren luxuzko bisitak izan dituzte: Marko, Amaia Ballesteros, Adur Larrea eta Asisko Urmenetarenak. Balorazioa, oso baikorra.
PIARRES LARZABAL KOLEGIOAN aurten komikiak lantzeko eta baloratzeko asmoa eta ekimena gauzatu da. Proiektu hau IKAS pedagogi zentroan iragan zen jardunaldi batetik abiatu da. lehen gerla mundialaren ehungarren urte urrenaren barnean kokaturiko egitasmoa izan da, eta Marko marrazkilariak parte hartu du.
Ikastetxeko dokumentalistak beste irakasleei eta hezitzaileei zabaldu zien ideia. Harrera ona eta baikorra ikusirik, landu egin genuen proposamena. Eta hartarik proiektu orokorrago baterantz abiatu ginen. Hala nola ikastetxeko ikasle guziei marrazkilari batekin topo egiteko aukera eskaintzeko egitasmoa bihurtu arte. Derrigorrezko bi baldintza bete behar ziren, euskara hutsean egitea topaketak, eta ondorioz nola ez, euskaradun  marrazkilaria izatea.
Eta galdera da Zergatik burutu proiektu hori? Alde batetik IDZ diren komikien fondoa biziarazteko parada ezin hobeagoa zelako. Bestaldetik, ikasgaien arteko zeharkako proiektu interesgarria ere izan  zitekeelako: ikasgai ezberdinetan lantzeko aukera eskaintzen baitzuen, hala nola, hizkuntzetan, historian, artean eta matematiketan ere. Lau komiki egile hautematen hasi ginen eta kontaktuak hartzen ere bai. Haietariko lau prest agertu ziren : Marko Armaspach, Amaia Ballesteros, Adur Larrea eta Asisko Urmeneta.  Lau izanik, maila guzietako ikasleak aukera izan dute ilustratzaile batekin mintzatzeko!
Hori horrela, otsailaren 4 ean, Markok bere azken lana “Les Godillots” 3. mailako ikasleei aurkeztu zien. Gero, otsailaren 11ean, 6. mailan  diren ikasleek Amaia Ballesteros-en lana ezagutu zuten. Oporren ondotik, martxoaren 3an, Adur 5. mailakoekin OKATXU komikiaren inguruan batez ere aritu zen. Eta egun berean 4. mailakoekin Asisko Urmenetak Gartxot komikia eta filma egiteko nola aritu ziren zehaztu zien.
Komikilari horiek ikastetxerat agertu aitzin aurre lan bat eramana izan da ikastetxean. Lan batzuk behartuak izan dira eta beste batzuk modu librean egiten ahal zituztenak. Ekintza batzuk komikia generoa eta ezaugarriak ezagutzeko eginak ziren, batez ere komikilarien lanak ezagutzeko antolatuak ziren. Bertze batzuk, aldiz, sormena garatzeko: ikasleak gomitatuz komiki plantxa batzuk sortzera.
Hala, modu librean, eguerdiko aire hartzean, komiki pertsonaiak kartoi handitan egin dituzte animatzaileak kudeatutako tailler batean. Gazteleran (Mafaldaren 50 urte urrenaz baliatuz) eta matematiketan komikiak sortu dituzte. Historian, ordea, lubakien gerla edota gerla handia lantzeko parada izan da. Frantsesean, lehen gerla mundialari buruzko komikien parekatzeko aukera izan da. Euskaran, komikien ezaugarria nagusiak ezagutzeko eta komikilarien lanen aurre-aurkezpena izan da. Proiektu honi, amaiera eman behar zitzaion inauteriak ospatu aurretik. Aurten, inauterietako gaia: komikien pertsonaiak izan dira. Beranduago baina ospatu ditugu inauteriak, euskaraz bizitzeko, irri egiteko, mintzatzeko, partekatzeko eta sentitzeko aitzaki ezin hobea izan dela esan genezake.
Komikia egitasmoa ikastegiko ororentzat egina eta antolatua izan da. Eskertu nahi genituzke proiektu hori gauzatzen lagundu duten guztiei: EEP eta ikastegiko gurasoei bistan dena proiektua diruztatzeagatik, komiki egileei, irakasleei, hezitzaileei eta, nola ez, ikasle guziei haien parte-hartzeagatik.

ikastola 208
2014 Apirila
208