IKASTOLA 205 > ikastolak > "BADIRA, BAGARA BIDEOA, ERRIBERAKO ERREALITATEA"

Argia Ikastola, Tutera-Fontellas

"BADIRA, BAGARA BIDEOA, ERRIBERAKO ERREALITATEA"

Hogeita bost urte ditu Argia Ikastolak; 27 euskararen kontrako Foru legeak; 22 urte eskas karrera-proiektua amaitzeko bideoa egin duten ikasleek. Mondragon Unibertsitateko hiru ikasle, Olatz, Itxaso eta Marta izan dira egileak. Argia Ikastolakoak, protagonistak. Euskal Herrira zabaldu da ikus-entzunezkoa. Nola ez zabaldu hain lan hunkigarria? Erriberan euskararen eta ikastolaren aldapa zer nolakoa den ematen du aditzera. 

Mondragon Unibertsitatetik iritsi zen eskaintza, bideo bat grabatzeko eskaintza. Nahi izanez gero, ikusentzuneko ikasleek egingo zutela adierazi zitzaien ikastolakoei. Karrera-proiektua izango zen. Hiru ikasle apuntatu ziren, hirurak neskak: Olatz Artola, Itxaso Frau eta Marta Prol izan dira bideoaren egileak. Argia Ikastolakoak, protagonistak.

Euskarak dituen arazoak euskaldun ororen arazoak direla uste dute Itxasok, Olatzek eta Martak. Hortik sortu zen “Badira, bagara” dokumentalaren izena eta izana. Bideoaren bidez Argia Ikastolaren erralitatea erakutsi nahi izan dute, baita lortu ere. Hogeita hamar minutuko luzapena du.

Argia Ikastolak 29 urte ditu, Nafarroako euskararen kontrako legea (1986) baino zahartxoagoa izan arren, jaiotze unetik zailtasun ekonomiko handiak izan ditu, oso handiak, itzelak. Baina oztopo horrek ez dio bizirik kendu, eta hor dabil beti aurrera egin nahian, kontrako guztiari frente egiten.

Bideo-egileak lehen kontaktutik  jabetu ziren Erriberako egoera penagarriaz. Kontatu baino kontatua izatea nahi zutela erabaki zuten. Horretarako Tuterara joan, bertan egun batzutako gelditu eta hango jendeari elkarrizketak egin dizkiete. Lekukoak grabatu dituzte, lekukoen bizipen eta hitzak jaso dituzte. Guztira sei elkarrizketa egin dituzte, sei protagonista aukeratu dituzte, ia gehienak emakumeak. Andrak izan baitziren ikastola sortu zutenak. Errealitate gordina azaltzen dute, ilusioz eraikitzen jarraitzen duten errealitatea.  Guraso, aiton-amon, irakasle, ikasle eta ikasle-ohiak elkarrizketatu dituzte eta elkarrizketa horietan jabetu dira aiton-amonek ez zutela euskararen berririk, bilobak ikastolan hasi arte. Tuteran ez da euskararik entzuten, ikastolaren inguruan ez bada. Errealitate gordina.

“Badira, bagara” proiektuak hiru atal ditu: jasotako informazioarekin lan-idatzi bat osatu dute; bideoa grabatu dute eta web-gunera igo dute. Trailerra ikusteko sakatu beheko lotura. 

Hauek dira elkarrizketatutako pertsonak:
Felisa Romano (ikastolako amona)                                        
Carlos Gil (guraso)
Itziar Elejalde (irakasle)
Mirentxu Añón (Carmen Albisuren alaba, ikastolako ama eta langile-ohia)
Marijose Andueza (sukaldaria)
Saioa Crespo (irakaslea eta Marijoseren alaba)
Amaia Muela (ikaslea)
Marta Apezetxea (ikaslea)

 

ikastola 205
2013 Urria
205